andoni egana
HITZ ETZANAK

Hamalau

2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Banuen zerbaiten susmoa, eta begira ibili naiz. Quarterly Journal of Experimental Psychology aldizkaritik atera dut datua. Egunean hamalau orduz aritzen gara pertsonak hizketan. Izugarri dirudi.

Ez du zehazten, ordea, hamalau ordu horietatik zenbatetan aritzen garen kanporako berbetan eta zenbatetan barne-hizketan. Horixe litzateke interesgarri eta neurgaitzen. Ahots-harien osasunarengatik bada ere, pentsa dezagun hamalau ordu horietatik gehien-gehienak barne-hizketan ematen ditugula. Horrela ulertuko litzateke kanporantz beste hizkuntzetan aritu arren, norberea ez kamustea. Geure baitarako asko jardutearen abantaila...

Bestelako ariketa bat burutuko dute bihar Bilboko Arriaga antzokian. Erabat kanporanzkoa. Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae irakurriko dute ahots gora, txandan-txandan, 200 irakurlek. Bilbo Zaharra euskaltegikoek hamalaugarrenez antolatu duten Klasikoen irakurraldirako Xabier Amurizak egin du ahapaldiak hautatu eta euskara batura ekartzearen lana. Zati batzuk deklamatu egingo dituzte; kantatu beste batzuk. Ederra izango da. Nik, kalkuluak egitera jo dut ia nahi gabe. Zenbat euskaldunek zenbat barne-hizketa ordu eman beharko dituzten, bost mende barru antzeko zerbait gerta dadin. Puf! Milioika...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.