andoni egana
HITZ ETZANAK

Gordina

2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Herriko jaietako egun nagusia zen. Pakeoso sumatzen ziren kaleak goizean goizetik. Bezpera gauean ez zen antolaturiko festarik izan. Ezkaratzetik irten orduko egin nuen topo kale-garbitzailearekin. Diosala egin genion elkarri, eta zer moduz zebilen galdetzearekin azaldu zidan bere poza: « Ondo. Inguru honetan ez zagok garai bateko zikinaren hamarretik bat ere. San Pandemia deitzen zioagu guk honi...».

Duela hiru asteko kontua da. Deus ez dela guztientzat kaltegarri denik, pentsatu nuen. Burumakurrago zeraman karroa joan zen igande goizean. Mihia beti bezain bihurri, ordea. «Zer moduz? San Pandemiak laguntzen al dizue oraindik ere?», galdetu nion. Etsipen keinua egin zidan. «Bueltatu gaituk betiko kuxidadera» erantzun zidan. «Fin esanda, barne produktu gordina izugarri igo duk azken asteburuetan. Eta marroia guk jan behar, beti bezala». Ez nion berehalakoan harrapatu. Baina gero, luzaroan iraun zidan irribarreak aurpegian.

Eta hara non, bi egunen buruan lehen orriko titularrarekin egin dudan topo: «BPGa %2 handitu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hazkundearen azkartzea berretsi da». Balekite herri xeheak zeri deitzen dion Barne Produktu Gordina! Balekite ze arrotz eta urrun zaizkigun mintzamolde hori eta zifra horiek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.