andoni egana
HITZ ETZANAK

Nabarmen

2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Ez zuen gainerakoek bezala ezer egin. «Hona hemen Don Nabarmen», pentsatu zuen ikusi orduko. Ez zuen hutsegin.

Txertaketarako ilaran sakelakotik ari zen, ozen, gainerakoak ez bezala. Ez zuen, gainerakoek bezala, aurrekoarekiko metro eta erdiko tarterik zaindu. Arrima-arrima eginda zegoen bera, Don Nabarmen, aurrekoaren bizkarrera. Erizainak datuak eskatu zizkionean telefonoz hizketan segi zuen, eta gauza bera birritan galdetu behar izan zion erizainak, errukarri. Inguruko guztiek izan genuen Don Nabarmenen izen-deituren berri. Ziztada unea eskertu egin zuen batek baino gehiagok, Don Nabarmen begien aurretik galtzeagatik bakarrik ere. Baina gero, ziztada osteko itxaronaldi derrigortuan, are gehiago nabarmendu zen Don Nabarmen, isiltasuna hautsiz, jakineko arrazoirik gabe zutitu eta eseri nahieran eginez eta ordu laurdena hamar minutu eskasera murriztuz.

CONFEBASKek dio 400.000 langile behar izango dituela Euskadik hemendik eta 2050. urtera. Sinisten dut. Beharko ditu. Bestela zeini agindu behar diete etorkizuneko Don Nabarmenek sakelakotik? Gizon hark sinetsita alde egin baitzuen Illunbetik, berak lanerako baliatu zuela txertaketa unea eta han zeuden gainerakoak zorriak baino alferragoak direla, ekimenik gabeko pertsona konformaerrazak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.