andoni egana
HITZ ETZANAK

Aitzakiak

2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Xelebrea da. Euskaraz ez dakitenek aipatzen dute hemen, behin eta berriz —eta orain—, euskara galarazia egon zela Francoren garaian. Euren gurasoek jakin bazekitela, baina debekuarengatik ez zietela beraiei transmititu, eta horregatik ez direla euskaraz mintzo. Eta orduan, zeure burua deskubritzen duzu haien aitzakiari indarra kentzeko, debekuena erlatibizatzen, esanez baietz, debekuak izan zirela espazio publikoan, baina euskara bera ez zegoela debekatua, nahi eta ahal izan zuenak eutsi ziola familian, inguruan, herrian... Mundua atzekoz aurrera.

Baina euskaldunon baitan ere badira ajeak. «Zer da adina?», galdetu berri dit gehienean euskaraz mintzo den ni baino gutxi zaharragoko batek. «Edadea». «Eta zergatik ez duzue edadea esaten, beti esan izan dugun bezala?». Azken berrogei urteak ez ditu aski izan adina hitza ikasteko, baina bitarte horretan lasai asko ikasi ditu, sinergia, empatia, power-point edo glamour...

Aitzakiak nagusi, batzuek nahiz besteek. Euskara azterketa gainditu ezin izan duen ikasle baten galdera, euskaraz berak baino gehiago dakien lagun bati: «Atzo h-rekin al da?». «Eez». «Eta bihar, h-rekin da?». «Baai». «Ikusten? Ez da erraza euskara azterketa gainditzea. Euskaltzaindiak egun batetik bestera aldatzen baditu arauak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.