andoni egana
HITZ ETZANAK

Ikusezin

2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gizon ona zen tailerrean kobratutako jornala etxera osorik eramaten zuena. Bidean, txikiteoan edo, puskaren bat kentzen bazion, ez zen hain ona. Eta pusketa hori handia bazen, orduan baino ez zuen senar barrabasaren ospea izango. Hortik aurrera gertatzen zena ez zen gizartearen ardura. Etxeko trapuak etxean garbitu beharraren esamoldea, koartada ederra zen etxean nahi zuena egiten zuenarentzat.

Hirurogei urtetik gorako emakume asko da sekula ekonomia autonomiarik izan ez duena. Etxera jornala ekartzen zuenak agintzen zuen, eta emakume horiek ez zuten jornalik etxera ekartzen. Harremana mingostean entzuten zuten lehenengoa horixe izaten zen. Emakundek, adineko emakumeek jasaten duten indarkerian jarri du fokua azaroaren 25era begira. Eta zuk... Ikusten dituzu? du leloa. Ubeldurak ikusten errazak dira. Belarrietatik sartuak sorturiko umeldurak ez dira hain erraz ikusten...

Autodefentsa ere hor dago. Duela gutxi, bi emakume adineko entzun nituen alargundu berri zen beste bati buruz berriketan: «Gaztetu ederra hartu din gizona hil zitzaionetik!». «Beste bat ematen din. Lehen ez zinan bizipoz bat sumatzen zaion!». Beste batek, hala idatzi zuen senar zenaren hilarrian: Hemen zetzan; hemen darrai. Berak atseden; guk ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.