andoni egana
HITZ ETZANAK

Etenak

2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urte eskas izango dira usadioari iskin egin zitzaiola. Zuri-beltzeko pilota-finalak ziren haiek. Frontoia zuri eta pilota-maluten orbanak beltz ezker paretan; pilotariak zuri eta apaiza beltz. Angelus-a errezatzeko gerarazten zuten partida eguerdiko hamabietan. Azken urteetan, pilotariek noizbait azaldu izan zuten euren kexua, Angelusera arte ongi ari zirela eta etenak kalte egin ziela eta... Kirola gailendu zitzaion tradizioari.

Duela dozena bat urte, berriz, publizitate tarteak hartu zuen lehen Angelusak zuen tokia. Une jakin batzuetan partidak eten egingo ziren iragarkiak sartzeko. Orduan ere, pilotariek azaldu zuten euren zalantza. Ez ote ziren kirolariek eurak eskaturiko atseden uneak aski tarte, ez ote zitezkeen haiek baliatu bestelako etenik gabe... Oraindik ez zaio kirola gailendu publizitateari.

Joan zen igandeko finala inork uste ez zuen unean eten zen. Desegokienean. Frontoiko ikusle asko musukorik gabe sumatu zuen norbaitek, eta agindua eman. Musukoarekin sartu zen askok pentsatuko zuen «ze arraio!» eta musukoa kendu. Jainkoa. Publizitatea. Ze arraio!... Garai desberdinetan, baina gidatzen gaituzten printzipioak horiek direla dirudi. Eta ez nago ziur zeinekiko izan behar genukeen mesfidantzarik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.