Onintza Enbeita.
BIRA

Turismoa

2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Turismoari zerga jarri edo ez eztabaidatu dute aste honetan Bizkaiko Batzar Nagusietan. Uste dut halakorik ez jartzea onartu dutela. Kontua da gu hemendik mugitzen garenean leku askotan ordaintzen dugula turismoaren zerga, eta niri ez zait gaizki iruditzen. Alde batetik, besteoi erakusteko hain ondo zainduta dauden leku edo gauza horiek zaintzeak diru bat balio duela, eta, bestetik, oihartzun soziala izango badute, zergek ez daukatelako zertan gaizki egon.

Egia da turismoari buruzko eztabaida sakona daukagula egiteko oraindik: gure turismo eredua lasaiena denean ere ez delako jasangarria, gentrifikazioa gero eta hiri gehiagoren arazo bihurtu delako, edonora goazela ere arrasto ekologiko handia uzten dugulako, turismotik ateratzen den dirurik gehiena esku pribatuetan gelditzen delako...

Turistei zerga kobratuko bazaie gure instituzioei AHTa merkeago ateratzeko, ez dut gaiaz ezer jakin nahi, baina turistei kobratzen zaien zerga horrek balioko badu ditugunak baino mendi basotsuagoak izateko, edo hirietako alde zaharrak frankiziei ez saltzeko, edo hondartzak garbi mantentzeko, edo gure historia kontatzen duten museoak sortzeko, edo turistei benetan erakutsi nahi dieguna definitzeko, pentsatzeko moduko gauza da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.