andoni egana
HITZ ETZANAK

Horma bi

2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Emakume ukrainar bat ari zen irratiz. Espainian hilabete batzuk eman ondoren, herrira itzultzea erabaki zuen. Aireportutik trenerakoa ongi egin omen zuten. Eta tren bidaia ere ez omen zen gaizki joan. Ikaratuta egin beharra, horixe baino ez. Trenera sartzearekin jarri zituzten jakinean inguruan droneak zebiltzala, eta tren-gidariak agindu zien argi oro itzaltzeko. Argirik gabeko trena tunel amaiezina dela otu zitzaidan emakume ukrainarra entzuten ari nintzela.

«Eta etxera iristean zer?», galdetu zion irrati esatariak. Goseak amorratzen iritsi zirela, eta etxeko korridorean otordu bat egin zutela. «Etxeko pasilloan? Sukaldean ez? Jangelan ez?», galdetu zion kazetariak harriturik. Ezetz. Beraiek oso zintzo betetzen dutela «bi pareten» aholkua. Neu harritu nintzen orduan. Emakumeak kontatu zuen etxea jo dezakeen edozein lehergairi aurre egiteko modurik onena, lehergaiak jotzen duen gunearen eta norberaren artean gutxienez bi horma jartzean datzala.

Nahi gabe ere, gerra kasu batean otorduak etxeko ze lekutan egin beharko genituzkeen kalkulatzen hasi nintzen. Eta erabaki nuen, bi paretak guretzat frontoietako jokaldi soil den bitartean ez gaudela hain gaizki ere. Gure horma-bikoek zabalerako bidea hartzen baitute. Txokorakoa, haienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.