andoni egana
HITZ ETZANAK

Agindua

2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Joan zen udaberria bazetorren, eta ohi baino tristeago sumatzen zituen gurasoak bisitan joaten zenean. Txakalaldiaren arrazoiez galdetu, eta hasieran, sorbaldak harrotu zizkion amak. Baina telebista pantailarantz luzatu zituen begiak gero. «Izan ere, egongo ez gaitun ba, triste! Gerrarekin jaio eta gerrarekin hil behar dinagu!». Ukrainakoaz ari zitzaiola jabetu zen. Behin eta berriz hango irudiak ematen zituen telebistak, eta huraxe zuten gurasoek mundurako leiho nagusi.

Esan ziezaiekeen urruti zegoela hura, gerra ez zela hona iritsiko, egoteko trankil. Irudi bonbardaketa handiegia zen, ordea. Arratsaldeetarako, garai bateko filmak, dokumentalak, eta huskeriak ozenki eta denek batera esaten dituzten programa horietakoak jarri zizkien aurrerantzerako. Horiek ez zieten buruhausterik sortuko...

Orain, udazkena aurrera eta neguaren atarian, armairuetatik mantak atera eta atera sumatu ditu. Hainbeste zertarako dituzten galdetzean, argi erantzun dio aitak: «Kalefakziorik jarri ezin badugu, berotu beharko dinagu guk ere nolabait». Eta orduan jabetu da, hizpide bera han eta hemen, hezurretarainoko beldurra sartu zaiela adinekoei. Esan egin behar izan die, agindu, jartzeko berogailua lasai premia dutenean, badaukatela hainbeste diru eta eskubide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.