andoni egana
HITZ ETZANAK

Makuluak

2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gaztelerazko imbécil irain mingarria iruditzen zait. Latinezko im baculus-etik dator. Eta horixe esan nahi du: ibiltzeko, makuluen premia duena.

Zahartzaroan ohikoa da makuluen beharra. Asko dira bolada batez erabili nahi ezean tematzen direnak, baina gehienek amore eman behar izaten dute. Haurrak ere premiazkoak ditu euskarriak, eskuak, makuluak... bere kabuz bizitzan moldatzen ikasi arte. Eta gurasoak baino makulu hurbilagokorik ez du izaten umeak. Gurasoen makulutasuna, ordea, gehitxo luzatzen ari ote den iruditzen zait. Gurasoek zuritzen dute askotan eskolan bullying-a eragiten duen nerabearen jokaera; aitak pasatzen dio errebisioa seme-alaben bigarren eskuko autoari; amak laguntzen dio unibertsitatera azterketa baten notarekin ados ez dagoen gazteari...

Gazte hernaniar bat hil zuten joan zen Eguberri goizaldera Donostian sorturiko xextra baten ondorioz. Albistea bera da aski lazgarri. Baina gehien harritu nauena da jakitea ustezko hiltzailea handik ordu batzuetara azaldu zela Ertzaintzaren komisariara, ama lagun zuela. Amarekin horretara? Adin horretan, festara, ama patrikan gordeta eta labanarik gabe irtetea komeni da. Ama ahaztuta eta patrikan labana duzula irteten bazara, biharamunean ama makulu hartuta ibili beharko duzu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.