Onintza Enbeita.
BIRA

Gabonak

2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Badakit kontsumismo hutsa direla. Badakit kaleetan dauden argien erdiak sobera daudela. Badakit gure despilfarroaren atzean jende askoren gosea dagoela. Badakit txori baten eta emakume baten arteko harremanetik jaiotako ume bat dagoela tartean. Badakit noizbait izan zitekeen neguko solstizioa erreibindikatu beharko genukeela. Badakit urte berria haste hutsak ez duela ezer aldatuko. Badakit loteriak ez dituela munduko miseriak konponduko. Mundukoak? Gureen laurdena ere ez. Badakit erlijioak lapurtutako ospakizunak direla. Badakit jateko prestatzen dugunaren erdia baino gehiago ez dugula jango. Badakit jendeak kalean lo egingo duela guk xanpaina irekitzen dugun bitartean.

Eta, hala ere, Gabonak ospatzeko ohitura dut. Eta, hala ere, ilusioa egiten dit opariak zabaltzeak. Eta, hala ere, hunkitu egiten naiz Gabon gaba, zeru gaba kantatzen dugunean. Izan ere, aitita Balendinek kontatzen zigun nola, Puerto de Santa Maríako espetxean zegoela, gabon gauez leihora hurbildu, eta preso bakoitzak bere hizkuntzan kantatzen zutela kantu hori.

Kontsumo arduratsuz, hipokrisiarik gabe, askoren gabezien erantzule garela ukatu gabe,kantatu egin nahi dut aurten ere: leihotik patiora, zerura, ospitalera, hilerrira, mundura, itsasora... begira daudenen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.