Onintza Enbeita.
BIRA

Telelana

2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Teorian ederrak diren gauza asko daude. Guztiok pertsonak izatea, esate baterako. Orain arte genero sistemarik egon ez balitz, eta horren arabera sekula inor zapaldu ez bagintuzte, ondo; ordea, historiari orrialde bat kendu orduko, mendeetan bigarren mailan egon direnekin kontuak egin behar dira. Telelana ere teorian da ederra: ez da kotxerik hartu behar lanera joateko, norberak antolatu dezake bere ordutegia, familiarentzako orduak libratzea errazagoa da. Praktikan, baina, gogorra da errealitatea. Nire inguruan ikusten ditudan asko normalean baino goizago jaikitzen dira umeak lo dauden bitartean lan egiteko. Gero, laneko ohiko ordutegian telefonoa belarritik kendu ezinik ibiltzen dira, eta gauean, umeak ohera doazenean, berriro esertzen dira ordenagailuaren aurrean. Kasu bakoitza desberdina izango da, baina askok zortzi ordu baino gehiago ematen dizkiote lanari, eta lanean ari diren bitartean etxea txukuntzen dute edo umeei eskolako lanetan laguntzen diete. Bai, nire inguruan dauden telelangile asko emakume eta ama dira, eta telebistan telelana defendatzen ikusi ditudan gehienak gizonak. Horrek esan nahi du telelana txarra dela? Ez. Baina gizarte sistema aldatzen ez dugun bitartean, telelanaren abantailak gezur handi bat izango dira munduaren erdiarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.