Onintza Enbeita.
BIRA

Ateak

2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Aterik ixten ez den etxe batean jaio nintzen. Orain ere, nire atea, hala egoten da. Jende asko etortzen zen gurera umeak ginenean: aitonaren aitzakian, zerbait ekartzera, norbaiten bila eta heldu ginenera arte galdetzen ez genituen beste mila arrazoirengatik. Beti entzun diet etxekoei gurean denak direla ondo etorriak Guardia Zibila izan ezik; eta haiek ere sartu izan zaizkigu, sukalderaino, eta eraman dizkigute maite genituenak. Pandemia garaian, ordea, dena aldatu da. Gure etxeetako batera joan ezinda egon gara. Ze gurean, etxeak, ia denak dira gureak, eta ateak guztietan daude zabalik.

Elkartu gara halako batean. Eta osasun arrazoiengatik bolada batez atea itxita izan dutela esan digute. Gu ere horrela egon gara, gotortuta, baina ez dugu hain gordin onartu atea itxi dugunik. Ez nuke nahi pandemia izatea ateak berriro ez zabaltzeko aitzakia: guk ireki ditugu. Beti bezainbeste lagunentzat, beti bezain gutxi etsaientzat.

Bizitza aldatu zaigu, egoera aldatu da, koiuntura berrian gaudela diote, baina gure etxeko ateak iraunen du zabalik. Ez lapurrentzat, ez Guardia Zibilarentzat, ez asmo txarrez datorrenarentzat, baina bai lagunentzat, maite ditugunentzat eta etxeak gordetzen dituen baloreak babesten dituenarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.