Onintza Enbeita.
BIRA

Hildakoak

2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Hildakoak gehitu egiten dira etengabe. Jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte pilatzen zaizkigu memorian baino aurkitu ezin izaten ditugun izenak, izanak, barre egiteko moduak, gustuko kantak... eta poza ematen digu hildakoak zenbatu ahal izateak. Izan ere, beste batzuk hil egin direla ohartzeak gu bizirik gaudela gogorarazten digu. Hilek behar gaituzte bidea egiten jarraitzeko: osaba hemen balego, amonak hau ikusi izan balu... Iritsiko da une bat, ordea, amonaren amona, amaren laguna, aitaren lehengusua, eskolako mahaikidea... inork gogoratuko ez dituena, eta orduan bai, orduan akabo betirako.

Gaur gauean hilak bizien mundura itzuliko dira. Hala kontatu zidaten Mexiko Hirian: guk dantzan egiten badugu, haiek ere gurekin dantza egingo dute; guk jaten badugu, haiek ere jan egingo dute; guk tekila edaten badugu, haiek ere mozkortu egingo dira; gu triste bagaude, haiek ere triste egongo dira, eta, guk barre egiten badugu, haiek ere barre egingo dute. Eta pentsatzen jarri naiz ea gaur nire ondora datozen hildakoek igarri egingo ote duten pandemiak ekarri dizkidan tristezia, haserrea eta antsietatea. Izan ere, nik zin egin nien, haiek joaten direnean ere zoriontsua izaten jarraituko dudala, edo gutxienez saiatu egingo naizela. Eta ez dago erraz; ez dago batere erraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.