Onintza Enbeita.
BIRA

Ertzaintza

2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Ez dakit psikologikoki prest nagoen Arnaldo Otegik Ertzaintzari buruz esan duena ulertzeko. Onartzen dut nire tripetan dagoela korapilo guztia, eta politika ezin dela tripetatik egin. Hasieratik hasteko, baditut ertzainak familian eta inguruan. Batzuk erretiratu egingo dira orain, eta beste batzuek, oposizioak gainditu berri, ez dute uniformea zikintzeko astirik izan. Ez diot Ertzaintzari duela hogeita bost urte bezala begiratzen, baina gertaerek oraindik ere kontuz ibiltzeko esaten didate. Ez ertzain guztiekin, seguruenetik: trafiko kontroletan daudenek ez didate ezer egin. Herri harresietan «os vamos a violar» esaten ziguten haiek ere ertzainak dira, ordea. Eta kale zurrutean ari den jendeari oldartzen zaizkienean, «ematera sartuko gara» oihukatzen dutenak ere, ertzainak dira. Eta halakoak ezin ditut, EH Bilduri botoa emango balie ere, amesten dudan Euskal Herri horretan sartu. Ez zaizkit kabitzen.

Polizia ereduaz asko daukagu hitz egiteko. Dena. Eta horretarako prestatu ninteke psikologikoki: tripek esaten didate poliziarik ezetz, baina politikan buruak agintzen du, eta erabaki egin beharko dugu zelakoa eta noren aldekoa izango den gurea. Horretarako, baina, agian, daukaguna deuseztatu eta berria eraiki beharko dugu bestelako balio batzuetan oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.