andoni egana
HITZ ETZANAK

Galduak

2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ez nau harritu alargunak esandakoak. José Saramagorentzat deskubrimendu handia izan zela ordenagailuarena. Saramagok berak esana baitzuen zerbait idazten duzula, hartzen arnasaldi bat idatziari begiratzeko, eta gudu-zelaia dirudiela ikusten duzunak eta handik zaurituak eta hilen gorpuak erretiratzea izaten dela idazlearen hurrengo lana. Eta pantailan errazagoa da zaurituak eta hilak tartetik kentzen.

Arrastoa ere uzten da, ordea, ordenagailuan. Eta aurkitu dizkiote Saramagori ere, hil eta zortzi urtera, karpetaren batean galdu-gordean zeuzkan testu argitaragabeak. Haiek bildu eta publikatu dituzte berriki. Nobel saria eman zioten urteko idazkiak dira, 1998koak. Azkenengoan, 1999ko urtarrilean datatuan, idazlea galtzerdiak erosten azaltzen zaigu supermerkatu batean.

Askorentzat harrigarri gerta daiteke «literatura-galtzerdiak» binomioa. Umeak ume genituela oraintxe sukaldean, oraintxe egongelan, oraintxe komunean… Mari Asun Landaren Galtzerdi suizida-rekin topo egiten genuenontzat ez da hain harrigarri. Istorio berria sor daiteke: egin du salto Augustok eskegilekutik kalera. Jo du abentura bila portura. Ezkutatu da Monterroso izeneko ontzi batean polizoi. Iritsi da Lanzarotera. Sartu da supermerkatuan…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.