andoni egana
HITZ ETZANAK

Jokoa

2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Las Vegasen genbiltzala eman ziguten datua. Kasino eta hotelpeetako joko-geletan mahaien beste aldean lanean ari zirenek —ekialdeko jatorrikoak asko eta asko— soldataren zati handi bat gastatzen omen zuten lantokian bertan jokoan. Etxera joaterako, jornala ongi murriztua beste etxearen mesedetarako. Inork jakitekotan, haiek jakin behar zuten ba zein arrisku eta joera izaten ziren han! Giza-emakumeon ahuleziek ez dute mugarik nonbait...

Azken boladan jokoaren inguruko eztabaida indarra hartzen ari da. Realak kontsulta ez-loteslea egin behar omen du bazkideen artean joko-enpresen babesletza onartuko luketen edo ez jakiteko; herri batzuetan manifestazio eta protestak egin dituzte bertan joko-gela bat ipini behar dutela jakitean; bertsotan ere plazaz plaza ateratzen diguten gai bihurtu da. Bakardadearen ezkutalekutik eta botoi batzuei kalkata egin daitekeen unetik izugarri ugaldu omen da apusturako joera, nerabe eta gazteen artean batik bat. Tamalez, dirua gastatu edo galtzeak min gutxiago ematen du hormak eskainia edo lainotik isuria bada. Ajea izaten da okerragoa.

Zoriaren eguna da gaurkoa Espainian. Zorionez, ez dut nik joerarik. Zoritxarrez, haur atorranteen orro oilartuak entzun behar esnatu orduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.