andoni egana
HITZ ETZANAK

Hurrenkeraz

2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Herriko Jubilatuen Elkarteak halako sagardotegirako irteera antolatu du datorren hileko hirugarren ostiralerako. Bi plan dituzte gogoan. Lehena, sagardotegira joan aurretik halako museo bisitatzea. Bigarren plana da, zuzenean sagardotegira joatea. Interesa dutenek halako epetan eta halako tokitan eman behar dute izena». Aristoteles etorri zitzaidan gogora. Erretorikan hurrenkerak duen garrantzia, zehazki esanda.

Gauzak hurrenkera horretan kontatuta, museora joan gabe sagardotegira zuzenean joatea erabakitzen badute, jubilatu horiei jan-edana baino ez zaiela axola pentsatuko dugu. Jarri izan balu «Herriko Jubilatuen Elkarteak halako sagardotegirako irteera antolatu du, eta planaren barruan sar daiteke aldez aurretik halako museo bisitatzea...», jubilatu horien zurruterako gogoa eta kulturarakoa parean agertuko litzaizkiguke, nahiz gero museora joan ez.

Huskeriak dira horiek, ordea. Asmo txarrik gabeak. Ez dira gezurrak. Egia gordinegi boteak, akaso. Politikari batek nola kontatuko lukeen? «Museorako irtenaldia antolatu dugu, eta litekeena da bueltan sagardotegira joatea». Eta hurrengo asteko prentsa oharrean: «Ezin izan ginen museora iritsi, autobusak sagardotegi atarian matxura izan zuen eta». Gezurra, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.