andoni egana
HITZ ETZANAK

Kafesnetan

2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bidean gorriak ikusita eta erabat despistaturik iristen dira honaino. Irungo plaza bat aterpe zuten etorkin beltzek galdera egiten omen zieten babesa ematera hurbildu zitzaizkien boluntarioei: «Zer dago hurbilago hemendik, Murtzia ala Frantzia?». Eta akaso ez zebiltzan oker. Penintsula zabal bat gurutzatzea hainbat kostatzen da, nonbait, zubi estu bat pasatzea.

Munduak konponbiderik ez duela etsita, amorrazioz ekiten diozu zenbait eguni. Pertsonako ehun euro kobratu eta launaka etorkinak Irungo tren geltokitik Baionara eramaten zituen taxista duzu gogoan, «bizimodu» hitzaren lehen zatian tematu eta bigarrenak bost axola zion putre halako hura; ezin duzu gogotik aldendu taxistak hori egiten zuela konturatu eta, auskalo zergatik, polizia-etxera salaketa jartzera joan zen baionar herritarra; taxistaren abokatuaren zinismoak ere — «nire bezeroak ez zekien etorkinen egoera legalari buruz deus. Zer egin behar zien, dokumentazioa eskatu beltz batzuei zuriei eskatzen ez dienean?»—, garuna kolpatzen dizu. Polizien jardunak ere bai; eta mugaren izaerak berak...

Badut lagun bat goiz astun, ezkor eta animo urrikoak definitzeko esaldi bat darabilena: «Gaur, gailetek ere, seitik bostek, bere buruaz beste egin didate kafesnetara». Horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.