Indarrean jarri dira EBren produktuen aurkako muga zergak

Atzodanik, %25eko tarifa berezi bat ordaindu behar dute hainbat produktu europarrek AEBetan saltzeko. Zigortuen artean dago euskal ardoa. Bruselak iragarri du tarifekin erantzungo duela

Xabier Martin - Iker Aranburu
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Donald Trumpek ez dio jaramonik egin Europako Batzordeak egunotan egin dion abisuari, eta hark luze gabe har ditzakeen neurriei ez ikusiarena eginez, Europaren aurkako %25eko muga zergak indarrean jarri zituen ostiral goizaldean. Airbusen kasuaren harira MME Munduko Merkataritza Erakundeak baimenduta, 6.740 milioi euroren baino gehiagoren balioa duten EBko esportazioak zergapetuko dituzte AEBetan sartu bezain pronto.

Euskal ardoaren sektorea bete-betean harrapatu dute tarifa horiek, hala txakolina nola Arabako Errioxakoa, Nafarroakoa eta, neurri txikiago batean, baita Irulegikoa ere. Ez alferrik, AEBetakoa baita Euskal Herriko ardo esportatuaren merkatu handienetan bigarrena, Erresuma Batukoaren atzetik.

Eusko Jaurlaritzak 6,7 milioiko kaltea aurreikusi du Arabako, Bizkaiko eta Arabako esportatzaileentzat, eta neurri bereziak iragarri ditu ardogintzarentzat.

Nafarroako Gobernuak, berriz, esan du 6,3 milioiren esportazioak daudela arriskuan. Ardoa ez ezik —esportazioen %75—, Trumpek zergapetuko dituen beste hiru produktuak saltzen dituzte Nafarroako enpresek AEBetan: olioa, gazta eta olibak.

Zaila da jakitea zehazki zenbateko galera ekarriko duten muga zerga horiek. Azken finean,AEBetako kontsumitzaileen esku dago, haiek izango baitira tarifek ekarriko duten garestitzea ordaintzeko prest ote dauden erabaki beharko dutenek, edo beste jatorri bateko produktuetara joko dutenak. Pentsatzekoa da inportatzaileek eta saltzaileek muga zergen kostuaren zati bat ere bere gain hartuko dutela, beren irabazi tartea txikituta. Azken asteetan esportazioak handitu dituzte EBko ekoizle askok, atzo arteAEBetan sartutako produktuek ez baitzuten muga zerga gehigarririk ordaindu behar.

EBren erantzuna

Trumpek EBren aurkako jarritako muga zergekin berriro ireki da merkataritza gerraren Atlantikoko frontea, noiz eta Pazifikoko frontean egoera baretzeko aukera ikusten denean. Europako Batzordeak jada iragarri du ez dela geldirik egongo, eta botika berarekin erantzungo diola Washingtoni. «[AEBek egindako] Urratsak ez digu beste aukerarik uzten, eta, dagokionean, Boeing auziari lotutako geure tarifa propioak ezarriko ditugu, MMEk ebatzi baitu AEBek arauak hautsi zituztela», adierazi zuen atzo Cecilia Malmstrom EBko Merkataritza komisarioak, agiri baten bidez.

Dagokionean hitza erabilita, Malmstromek erakutsi du Brusela zain izango dela MMEk legez kanpokotzat jo arte AEBek Boeingi emandako diru laguntzak. Duela hamabost urte hasi zuen ikerketa, eta 2020. urtearen hasierarako espero du ebazpena. Baina MMEren oniritzia jaso bezain pronto erantzuteko prest egongo da EB, dagoeneko prest baitu zergapetuko dituen AEBetako produktuen zerrenda. Washingtonek orain ezarritakoa baino handiagoa da —10.700 milioi euro—, Airbusi emandako laguntza baino handiagoa izan baitzen AEBek Boeingi emandakoa. Hegazkinak ageri dira, noski, baina baita ketchupa, arrain izoztua eta fruituak ere.

Erantzuna prest izan arren, Malmstromek berretsi egin du negoziatzeko prest dagoela. «Akordio orekatu bat eta MMEren arauekin bat egiten duena negoziatzeko ardura dute EBk eta AEBek. Elkarri tarifak ezartzeak ez dio inoren epe luzeko interesari erantzuten. Kalte esanguratsua eragingo dio AEBetako eta EBko hegazkingintza sektorearen hornidura kate oso integratuari, eta albo kalteak eragingo ditu beste sektore batzuetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.