«Afiliatuen hitza entzun» dadila eskatu du EAko ildo kritikoak

Alderdiaren etorkizuneko ereduaz erabaki nahi dutela azaldu dute 160 kide inguruk; tartean, Carlos Garaikoetxeak eta Esther Larrañagak

enekoitz esnaola
Donostia
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
EAko ildo kritikoko 160ren bat afiliatuk agerraldia egin zuten atzo eguerdian, Donostian. Haien izenean, Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi eta Espainiako diputatu ohiak alderdiko zuzendaritzari eskatu zion jar ditzala hautetsontziak idazkari nagusia aukeratzeko, «afiliatuen ahotsa entzun» dadin. «Erabaki egin nahi dugu alderdi eredua». Haien ustez, «denbora badago [auzi] hau bideratzeko». EA ostiralean da arduradun berria aukeratzekoa, hauteskunde batzordearen primarioen epeek diotenez. Ildo kritikoak elkarrizketarako deia egin zion zuzendaritzari, «forma akatsengatik ezin baita bahitu afiliatuen erabakia».

Primarioetarako 400 abal aurkeztu zituen Maiorga Ramirez ildo kritikoko hautagaiak, baina EAko hauteskunde batzordeak ez du onartu hautagaitza, lurralde esparru bakoitzean gutxienez bost abal ez dituela lortu esanda. Hautagaiak helegitea aurkeztu zuen hauteskunde batzordean—berme batzordean oraindikez—, baina haren ildoko iturriek azaldu dute oraindik ez dutela erantzunik jaso. «EAn arduraduna ez da inoiz atzeko atetik aukeratu, beste alderdietan eta eragileetan ere ez, baina zuzendaritza horren bila ari da», deitoratu zuen Larrañagak. «Bi hautagaitzak baldintza beretan lehiatzea eragotzi du».

Amara auzoko hotel batean egindako agerraldian izan ziren Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta EAko presidente ohia, Manuel Ibarrondo EAko lehen presidentea, Iratxe Lopez de Aberasturi EAko Arabako koordinatzailea, Ikerne Badiola eta Onintza Lasa zuzendaritzakide izandakoak, Josu Ruiz, Eva Aranguren... Hoteleko aretoa bete egin zuten.

Abalen auzia

Ekainean Pello Urizarrek bere kabuz idazkari nagusi postua utzi ondoren, EAko zuzendaritzak erabaki zuen primarioak egitea. Hil honen 25erako deitu zuen barne bozketa, eta, ofizialki, Eva Blancorena da hautagaitza bakarra. 60 abal aurkeztu zituen hark, eta, hauteskunde batzordearen arabera, baldintzak bete ditu primarioetan lehiatzeko.

Ekainean onartutako araudi aldaketak eskatzen zuen herrialde esparru bakoitzean gutxienez bost abal lortu behar dituela hautagaiak. Joan den astean berme batzordeak herrialdekako baldintza hori kendu egin zuen, baina ondoren Nazio Batzarrak araudia bere horretan utzi zuen, aldeko 55 botorekin eta kontrako 39rekin. 39 kideek salatu zuten Batzar Nazionala derrigortuta dagoela berme batzordearen erabakia errespetatzera; aldiz, batzar nazionalak azpimarratu zuen alderdiaren organo gorena dela.

Larrañagak nabarmendu zuen primarioen helburua «militantzia aktibatzea» zela. Haren esanetan, ordea, «konfrontazio aitzakia bilakatu da». Egoera «tristeziaz» bizi dute.

Agerraldian ez zuten EH Bilduko antolaketaz aipamenik egin. Kritikoek EAren protagonismo handiagoa aldarrikatzen dute, eta ohartarazi dute ildo ofizialak EA EH Bilduren barruan «urtu» nahi duela. Beharrezko ikusten dute Euskal Herrian sozialdemokrazia defendituko duen alderdi bat egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.