andoni egana
HITZ ETZANAK

Beltza

2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
«Ez, ez, ez. Ez luke inola ere horrelakorik egin behar! Oker ari da Osasunako kapitaina. Iraina izan dena izan dela, ez luke zalearengana jo eta aurrez aurre jarri behar. Horrela ez du egiten giroari su eman besterik». Horiek izan ziren, gazteleraz, partida telebistaz ematen ari zirenen hitzak.

Tuteran gertatu zen joan zen astearte gauez. Bertako taldea eta Osasuna Magna Xota ari ziren elkarren aurka. Osasunako jokalari brasildar batek gola sartu zuen. Taldekideak ospatzen hasi ziren elkar besarkatuz. Eta une jakin batean, multzotik irten eta ate atzerantz jo zuen kapitainak, sutan. Ate atzean zegoen ikusle baten aurrez aurre jarri zen, eta sekulakoak esan zizkioten elkarri. Epaileak txartela atera zion sosegatzen lanak zituen kapitainari; telebista esatariek ere kritikatu egin zuten bere jarrera suharra...

«Kakazaku beltza!» deitu zion ikusleak golegileari. Eta kapitainak ezin izan zuen eraman. Hasieran erreakzio bidegabekotzat jo zutenek ere atzera egin dute eta txalotu, gerora, jokalariak egina. Berak erabaki eta berak egin zuen. Bakarrik joan zen, ausart. Roberto Mortil du izena. Irurtzundarra da eta 32 urte ditu. Nire jokalari kuttunenen artean badu tokia, Guus Hiddinken ondoan. Ia 30 urte dira horrek, bakarrik joanda, ausart, pankarta nazi bat kendu zuenetik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.