andoni egana
HITZ ETZANAK

Nondik

2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Txiste modura kontatzen zen. Beti pilulak hartzera ohitua dagoen gaixoari errezetatu dizkio supositorioak medikuak. Joan da botikara. Etxera gero. Eta sartu du pilula mokoduna ahoan. Normalean baino gehiago kosta omen zitzaion irenstea, zapore bitxia omen zuen… baina igual-igual osatu omen zen.

Kontakizun zahar eta txar hau ez litzateke abiapuntu hutsala gure izaerari buruzko gogoeta egiteko. Zer egin dezake supositorioa ahotik hartu duen pertsonak? Lagunartean kontatu, txantxa batzuk jasan eta hurrengoan behar den lekutik hartu. Edo egin dezake inori kontatu ez, eta ezjakintasunean segi supositorioak irentsiz. Edo egin dezake kontatu, lagunen txantxak eta kritikak entzun eta eztabaidatu latz. Hanka-sartzea ez onartzeagatik edozer. «Zer jakingo duzue zuek nik baino gehiago? Gainera, ez al da toki berera iristen batetik edo bestetik hartu?», botako du harro. Baina hurrengoa uzkitik hartuko du.

Laugarren aukera bat ere bada. Lagunek arrazoi dutela onartu nahi ez, eta berean tematzen denarena. Bide hori hautatzen duenak sekulako zeremoniak egin beharko ditu. Azkenean, supositorioa ahotik hartzen segituko du, baina… buruz behera jarrita! Ez dakit nondik sortu zaidan gogoetagaia. Diaz Ayuso anderea hain maiz entzuteak ez dit onik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.