andoni egana
HITZ ETZANAK

Trenez

2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Pandemiari esker ezagutu ahal izan dut orain arte baino hobeto. Abuztuko igandeetako goizeko lehen trena. Ez ginen bidaiari asko elkartzen. Bi herritar multzo baino ez, ia salbuespenik gabe. Mendizaleak —edo mendi-buelta bat egitera gindoazenak— eta hegoamerikarrak.

Bi multzo baino ez izatean, asko eta erraz ikas daiteke udako igande goizetako lehen trenean. Jabetuko zara mendizaleak bertakoak zaretela denak eta adin batetik gorakoak, ibilbidea zirkularra ez denean auto bi hartu baino nahiago dutenak tren bat hartu, gaztetan, autorik ez zutenean, hala egiteko ohitura zutelako. Konturatuko zara hegoamerikarrak emakumezkoak direla denak, ez daramatela kaskorik belarrietan, eta lanetik datozela edo lanera doazela. Bertakoei begira, nor den jubilatua, nor aurre-jubilatua, nor lanik gabe dagoen eta nork irailean lanera itzuli beharko duen asmatzen saiatzen zara. Hegoamerikarrei begira saiatuko zara asmatzen nor ari den garbiketa lanetan, nor zaintzan ari den, nork daraman denbora gehien hemen…

Gero, egunkari eta horrelakoetan ikusiko dituzu agintarien argazki eta selfiak mendi-gailurretan, ospakizun kolektiboak edo balentria pertsonalak ospatuz. Eta ez zara batere fio. Jendarte honen ezagutza xehea nahi duenak, mendira… trenez joan behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.