andoni egana
HITZ ETZANAK

Txarrantxa

2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Hizkera egokidun errezildar batek hala bota zidan behin: «Txarrantxa nola galtza-barrenetan? Ba halaxe katigatu zitzaidan niri zera hura». Obsesio batez ari zen. Hankari behin eta berriz eragin arren ez omen zuen askatzerik lortzen. Orkatila parean katigatzen zaizun txarrantxa baino amorragarriagorik ez zela zioen.

Katalunia sentitu nuen orkatiletako txarrantxa egunero zutabe hau idazten hasi nintzen sasoian. 2017ko irail hartan galtza-barrenei kosk egiten ziena Katalunia zen. Ez nuen libratzeko modurik aurkitzen. Egunero berria. Egunero ikasgaia. Egunero poza. Egunero egurra. Nirea obsesioa zela irakurleek pentsa ez zezaten, ahalegintzen nintzen hankari eragin eta Kataluniaz libratzen. Ez alferrik! Hiru urte eta erdi joan dira ordutik eta orain Kataluniarik ez zaizu etortzen zeuk ekartzen ez baduzu. Itzalpekoak argitzen zituen fokua ere itzaliz joan ote den iruditzen zaizu…

Azken hamar hilabeteotako txarrantxa, pandemia da. Hankari eragitea aski ez, eta eskurik erantsi ezin. Berri harrigarriak hasieran; berri izugarriak gero; zaharrak berri azkenerako. Baina beti pandemia mintzagai. Nahiago nuke hiru urte eta erdi barru pandemiarena ere agendaren oso ertzean balego. Katalunia bezala, etortzen ez berez, eta ekarri egin beharko balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.