andoni egana
HITZ ETZANAK

Buzoa

2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Saltzeagatik, edozer.Baita hizkuntza erabat bihurritu ere. Hasi berritan bikotekidearekin gaizki-ulerturen bat izan baduzu, lehenengo datorkizun «joango gara apurka elkar ezagutzen» neutroarekin ez duzu deus lortuko. «Pixkana ikasiko zaitut» esaten badiozu, ordea, esamoldearen berriak berak baretuko du egoera.

Salgairik gehienak igualtsuak direnetik, publizitateak izugarri jorratu du bide hori. Orain ez da auto baten mekanika, txasia edo luze-zabalera saltzen. Saltzen da auto hori gidatzeak sortzen duen sentsazioa. Moda diseinatzaileen arloan muturrera eramaten dute joera hori. Ralph Laurenek «bizitzeko arropak» egiten ditu. Norberak ulertu beharko du arropa horiek jantzita bizi zintezkeela, arropa horiek janzteak bizi-esperientzia bat eskaintzen dizula, itogarriak ez direla… edo zer arraio esan nahi duen lelo horrekin.

Arrakasta du Ralph Lauren moda diseinatzaileak. Munduko aberatsenen zerrendan puntan azaltzen da beti. Orain merkaturatu du, 483 eurotan, langile-buzo bat bere pintura-mantxa eta guzti. Norbaitek, bizitzeko, buzo narrastu hori erosi beharra sentituko du. Baina langile-buzoak, orain artean behintzat, hiltzeko arropa gehiagotan izan dira bizitzeko arropa baino. Bejondeiala, Ralph! Gutxiagogatik, asko zagok kartzelan…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.