andoni egana
HITZ ETZANAK

Natural

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Demagun, kamera atzetik duen kazetariak erantzun labur eta xehea eskatzen duen galdera zuzena egin diola kalean harrapatu duen edonori: «Zuk zer aukeratuko zenuke, naturala ala artifiziala?».

Badakit hain galdera bideratua egiteak ez duela zentzurik. Badakit erantzunari zertzeladaren bat erantsiko liokeela edonork. Baina demagun hala galdetu dutela. Ziur nago hamarretik bederatzik «naturala» erantzungo lukeela, nahiz kalean harrapatu duten unean sakelakotik ari zen, bekainak maiz samar depilatzen dituen eta kameraren aurrean lehen zeramana baino bekozko argiagoa ipini duen. Galdetzaileak ere pozik entzun du erantzuna. Naturalaren alde dago bera ere. Bere naturaltasunagatik da ezaguna, galdera egitean bi aldiz mihi-trabatu den arren eta «Moztu! Berriz hasiko gara…» esan behar izan dion argi-fokudun lankideari.

Erabaki bat hartzean «modu naturalean» hartu duzula esaten baduzu, akabo eztabaida eta gainerako. Inork ez dizu azalpen luzeagorik eskatuko. Naturala da Mendebaldeko jendarteetan inork dudan jartzen ez duen kategoria bat, nahiz artefaktuz eta artifizioz inguraturik bizi. Eta horretan ere geure buruari gezurra esaten badiogu, nola jakingo dugu pandemiaren aurrean zintzo jokatzen ari garen edo ez? Nik natural egiten dut egiten dudana…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.