andoni egana
HITZ ETZANAK

Betaurrekoak

2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Hanka-sartze barregarrien eredu izan daiteke: kalera irten behar du eta betaurrekoen bila dabil, ernegatuta, gizona. Sukaldean galdera egingo du: «Nork ikusi ditu nire betaurrekoak?». Logelan gauza bera: «Nire betaurrekoak norbaitek hartu al ditu?». Egongelan berdin: «Nire betaurrekoak non kristo ezkutatu dituzue?». Azkenean, etxeko norbaitek esaten dion arte: «Soinean daramatzazu eta! Hortxe, sudurraren gainean». Gizonak, orduan, kopeta kolpatuko du eskuaz —«ni naiz ni melokotoia!»—, barre egingo dio, umil, bere buruari, eta barkamena eskatuko etxekoei, arrazoirik gabe pipertu delako.

Pablo Casadori maiz galdetzen diote egunotan PPko agintari izandakoei buruz. Mariano Rajoy, Esperanza Aguirre eta, batik bat, Luis Bárcenasi buruz. Eta iruditzen zait betaurrekoak galdu dituenarena egiten duela beti.

«Soinean daramatzazu eta!» esaten diotenean, ez du pertsona arruntek bezala erantzuten, gainera. Ez dio bere buruari barrerik egiten; ez du bere melokotoitasuna onartzen; barkaziorik eskatzen ez daki. Ez dakit den urguilua, banitatea edo gainerakoak inozotzat hartzea. «Hortxe, sudurraren gainean» esaten diotenean, haserre plantak egiten ditu, eta berean segi: «Eta sudurra? Nork ikusi du nire sudurra? Non kristo ezkutatu duzue nire sudurra?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.