andoni egana
HITZ ETZANAK

Aldaerak

2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Astindu handia hartu dugu joandako hilabeteotan. Pentsatzekoa da etorkizunean eragina izango duela pandemiak. Gure bizikeran, pentsaeran, jokamoldeetan… eta baita hizkuntzan ere. Hizkuntzan, gehien irauten dutenak, definizioz, esaera zaharrak dira. Beti berdin eusten diote denboraren joanari. Esaera zaharrak ere kolokan jartzen badira, astindua guk uste baino handiagoa izan den seinale izango da.

Esaera zahar batzuk ongi baino hobeto egokitzen dira pandemia garaietara ere. Amen. Zu hor eta ni hemen elkarren arteko distantziari eutsi beharra azaltzeko; Osasuna: munduko ondasuna krisi global hau deskribatzeko; Dagoenean bon bon eta ez dagoenean egon txertoaren zain dagoenaren egoera islatzeko…

Beste esaera zahar batzuk aldatu egin beharko dira aurrerantzean. Non gogoa, han zangoa ez dela beti hala izaten ikasi dugu; Kalean uso, etxean otso-ren bigarren zatia baino ez da salbatzen; telelanean ari denak Etxetik babak ateratzen ari dela esan beharko du, eltzeak eltze; Ahuntzaren gauerdiko eztula esatea gaizki ikusia egongo da eta puzkerrak-edo ordezkatu beharko du eztula; eta, mugikortasun murrizketak direla eta, Gezurra esan nuen atzo Getarian, ni baino lehenago zen isuna atarian esango da akaso mende batzuk barru. Auskalo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.