andoni egana
HITZ ETZANAK

Purian

2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Edonon topatzen dut azkenaldian. Egunkari elkarrizketetan, telebista programetan, youtubeko bideoetan... Liburu bat argitaratu berri du. Mutiko bat da, mallorcarra, 15 urte dituena. Baserritara da, mundu hori bizi du, eta bere talaia horretatik begiratzen dio munduari. Askori harrigarri gertatzen zaizkio haren esamoduak eta erantzunak. Hortik datorkio, nonbait, arrakasta.

Umeagotan bullying-a jasan zuela kontatzen du. Inguruko haurrek iseka egiten ziotela, desberdina zelako. Gizena da, ahots-tonua ere ez du ohikoa... Orain, «ezaguna» denetik, lehen burla egiten ziotenak beregana hurbiltzen saiatzen omen dira, baina berak bidaltzen omen ditu utikan. Denborarekin igual ohartuko da orduko irainak bezain mingarri direla oraingo algarak eta txaloak. Ursula hartza bailitzan erakusten dute, katerik gabe, baina katez kate. Kanporantz begirunea erakusten diote barrurantz barrez ari zaizkionek.

Aurreikuspenik txarrenean, telebista-magazinetan parte hartuz itzaliko zaio puria. Hitz polita da magazin, tentagarria. Arabierako makhzan-etik dator ordea, almazena bezalaxe. Magazin batetik deitzen dizutenean, jakin behar duzu almazenera zoazela. Eta han, lanpara zaharkitu, zutikako pertxero, ileorde eta guraize-eskailerekin egingo duzu topo...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.