andoni egana
HITZ ETZANAK

Kantuan

2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Ez dakit kondaira den ala egia. Baina beti iruditu izan zait azalpen txundigarria. Ba omen ziren garai batean Australian tribuak, distantzia kantuan neurtzen zutenak. Ez dakit han zer kantatuko zuten. Neurkera gurera ekarriz, imajina dezagun puntu batetik besterako tartea neur zitekeela Markesaren alaba-tan, Alostorrea-tan edo Norteko ferrokarrila-tan. Usurbildik Oriora hamabi Markesaren alaba; Ajangiztik Gernikara lau Norteko ferrokarril...

Gurera, neurtze sistemak aspalditxo iritsi ziren. Nekez irudika dezakegu horrelakorik. Hemen, gainera, erlijioak indar handia izan du. Eta errezoetara jo izan da, distantzia ez bada ere, denbora neurtzeko. Zenbat kredo ziren ba, arrautza egosi bitartekoak?

Irakurri berri dut Google Mapsek eskueran jartzen dizkigun distantzia-denborak ez direla beti zehatzak guztiontzat. Hiriko toki jakin batetik bestera oinez40 minutu direla esaten badigu,ez omen da beti zehatz-mehatz hartu behar kalkulua. Gizonezkoen pausoetan neurtu omen du orain arte beti Google Mapsek, distantzia bat burutzeko behar den denbora. Eta emakumeek, oro har pauso laburragoa izaki, denbora gehiago behar izaten omen dute sakelakoaren pantailak dioena baino. Ez dakit ba. Pausoa luzatzen ari direla esango nuke nik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.