andoni egana
HITZ ETZANAK

Ondo dio

2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gure belaunaldikooi harrigarri gertatzen zitzaigun. Baina askotan entzuten genuen gaztetan. «Gizonak ondo irabazten dio».

Zahar usaina zerion, guretzat ere, esaldiari. Ez dakit beste hizkuntzetan nor-nori-nork hain maiz erabiltzen den gauza bera adierazteko. Ez dakit gure matriarkatu ohiturekin zerikusia duen zerbait den. Mundu bat islatzen du egungoarengandik oso urrutikoa. Gizona etxetik kanpoko lanetara eta emakumea etxekoetara mugatzen zituen mentalidade baten ispilu zen esaldia. Eta orduan, «gizon ona» zen, lantegitik etxerakoan txikiteoan entretenitu gabe, jornala osorik entregatzera iristen zena. «Emakume ona», berriz, gutiziatan jausi gabe, soldata haren kudeaketa neurtuarekin, familia aurrera ateratzeko gai zena.

Esaldi bakar horrek besterik ere badu bere baitan gordea. «Ondo» hori, diru-kopuruari zegokion zerbait zen beti, aski edo askoren sinonimo. Inork ez zuen irabazteko modua bera zalantzan jartzen. Lehengo batean, pandemiaren ondorioez ari ginela, estimatzen nauen edadetu batek hala esan zidan: «Hik lehen ondo irabaziko huen...». Ezin izan nion mihiari txuloan eutsi: «Orain ere ondo irabazten dut, irabazten dudana». Benetan sinesten baitut, guztiok ondo irabaziz gero, oso bestelakoa litzatekeela mundua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.