andoni egana
HITZ ETZANAK

Etsia

2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hirurogei urte ondo beteak. Berrogeitaka kontratu sinatu behar izan ditu, enpresa berarentzat, joan den hamar urtean. Badaki —sekula frogarik biltzen ez da ahalegindu baina— enpresak esku batekin ematen dion ia hainbat jasotzen duela bestearekin, 55 urtetik gorako «zahar» bat kontratatzearren dauzkan diru-laguntzei esker. Lan batetik bestera ibiltzen dute; ordutegia aldatzen diote; lan-orduen kopurua ere bai... baina men egin behar izan dio denari, daukantxoa galtzeko beldurrez.

2012ko lan erreformaren aldaketak ika-mika handiak sortu ditu azken aldian. Espainiako Gobernuaren eta CEOE enpresarien elkartearen arteko negoziaketa aipagai da egunero. Langilea kaleratzeko erraztasun-zailtasunak; kaleratzeen ordain-sariak; enpresa bakoitzean behin-behineko langileen tasak zenbatekoa behar lukeen gehienez...

Garai batean arretaz entzun-irakurriko zituen berri horiek. Min emango zioketen zenbait jarrerak. Su hartuko zukeen epelkeriaren aurrean. Orain, helmuga hain gertu —eta hain urrun— ikusita, hileko mila euroren dilindan beti —noiz pasatxo, noiz eskas, egindako lan-orduen arabera—, bereari baino begiratzen ez diola jarria dago. Zirrikitu bat aurkitu nahi du, irtenbide bat, beretzat. Zirrikitu bilatzailez osaturiko jendartea eraiki dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.