andoni egana
HITZ ETZANAK

Entrenatzaile

2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Dirurik ez duela sortzen diote, sakon-sakonean bestelako konplexuren batzuk dituzten atzerakoiek. Gizonezkoen futbolak ere ez du dirurik sortzen gutxi batzuentzat ez bada. Eta zaleek ez dute horregatik dudan jartzen...

Realeko emakumeen taldeak lortu berri duen balentriak hedabideetako lehen orrira ekarri ditu. Eta aho batez onartzen dute zerbait dakitenek Natalia Arroyo entrenatzailearen lana bikaina izan dela. Ez dakit nik futbolaz, baina emakume hori jendaurrean sumatu dudanetan, gustuko izan ditut bere irudia, jarrera, hitz egiteko modua... Baita bere euskara ikasteko asmoa ere. Horrexegatik zait harrigarri inori ez entzun izana, inon ez irakurria, etorkizunean Realeko entrenatzaile izateko hautagai sendoa dela Arroyo. Gizonezkoen Realekoa, alegia.

Ezagutu izan ditugu emakumeak klub garrantzitsuetako presidentetzan, Athleticen, Eibarren... Ezagutu izan dugu gizonezkoen Lehen Mailan entrenatzaile izan ostean emakumezkoen Lehen Mailako taldearen entrenatzaile izan denik ere. Gonzalo Arconada, oso oker ez banabil. Norbaitek kontrako ibilbidea egitea, polita ez ezik, esanguratsua litzateke. Ahalmenaz gain, desira behar luke ordea. Eta ez dakit nik, sastrakaz beteriko oihan batean sartzeko prest nengokeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.