andoni egana
HITZ ETZANAK

Egokituz

2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Azkar egokitzen da pertsona. Eta egokitu ginen gu ere. Bi urte eman ditugu, irten bai —gure kasuan bertsotan egin bai—, baina oso baldintza xelebreetan ibiliz. Etxea-oholtza-etxea. Esango nuke Olatz Peonen hitzek eman ziotela bide aldaketari. Tolosako alkateak aurten inauteriak egin egingo zirela esan zuen unetik hasi ziren gure agendak betetzen. Jaiak bertan behera uzteko garaian sanferminek izan zuten efektu bera izan dute Tolosako inauteriek festak berriz martxan jartzeko orduan.

Jaiak abian jartzearekin, eta eguraldia lagun, jendez bete dira bazterrak. Jendea, jendea, jendea... Trumilka eta edonon. Ia ahaztua geneukan hori zer zen ere. Eta zinez diot sentitu naizela duela mende erdiko uda hartan Bitoriano Gandiaga Madrilgo glorieta batean bezain aztoratua. Autoak pasatzen zitzaizkion hari aurrean dzu! dzu! dzu! Jendea guri. Diosala, tragoa, berriketaldia... pasatu ordez geratzen direnekin.

Animalia sozialak gara. Jendarterakoak. Lehen ohitura zena premia ere bihurtu da orain, gainera. Irten. Solas egin. Elkarren berri jakin. Berriz ikasi beharko dugu egoera berrira egokitzen. Astelehenak astelehenago izango dira aurrerantzean. Biharamunak biharamunago. Bizitzeak asko nekatzen du pertsona. Eta hala ere... horixe nahi gehienok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.