HITZ ETZANAK

Arnasa

andoni egana
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Mendiz inguratutako toki berdina delako egiten zaigu akaso hain eder Urbia. Ez dakit. Berdintasunaren paradigma izan daiteke, Aita Lasak 1967ko San Joan egun hartan elizkizuna hasi zuen moduan hasi zuenetik. Ezaguna da pasadizoa. Manuel Fraga Iribarne, orduan Espainiako Turismo ministro zena igo zen Urbiako ermitara —Land Roverrean, jakina— tokia ikustera, haranzko teleferiko bat jartzeko asmoa ba omen zegoen eta... Igandero mezetara joaten zitzaizkion artzainak eta ministroa berdinduz konpondu zuen Aita Lasak protokoloari derrigor atxiki beharra: «Excelentísimo señor ministro, excelentísimos señores pastores...».

Leku berdina da Urbia. Eta berdintzailea. Han ez dira ministro-artzainak bereizten. Pobre eta aberatsak ere ez. Hara heltzean, aski da elastikoa aldatzea, izerditua erantzi eta jantzi lehorra. Hara iristean ez dago, beste hainbat lekutara heltzean bezala, norbere azala bera —izaera— aldatu beharrik. Han ez da, segur aski, beste inon baino hobeto jan-edango. Baina baietz irudituko zaizu.

Orain, Urbiako fonda itxi egin dute. Etxeko sentitzeko toki bat gutxiago aurrerantzean. Eta hori bai dela desberdina! Douglas lurrin-dendak ere ixtera doazela esango du norbaitek. Baina gauza bat da lurrin falta eta bestea arnas eskasia...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.