andoni egana
HITZ ETZANAK

Etxetik

2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Izua naiz aurreikuspen xeheak egiteko garaian. Eta are izuagoa aurreikuspenak kontu mardulei badagozkie. Miretsi ere egiten ditut —nik ez dudan argitasun bat sumatzen baitiet— esaldi bakar batean etorkizunaren nondik norakoak marrazteko gai diren horiek. «Telelana iritsi da, eta geratzeko etorri da», zioen batek baino gehiagok itxialdian eta ondorengo hilabeteetan. Ez dakit ba! Datuei begira ez daiteke esan bete-betean asmatu zutenik. Arautu bai, egin da. Zabaldu dira bideak. Baina gure ohiturak ez dira nonbait Europako hainbat lekutakoak, edota gure lantegien ehundura eta ekoizpen modua da bestelakoa edo... Auskalo zergatik, baina gaur egun telelanean ari direnak —EAEko datua da— ez dira langileetatik %6,2 baino.

Askotan, kopuru batek lotzen ditu bi albiste. Kasu honetan, %6,2 horrek. Etxegabetzeek %6,18 egin dute gora Hego Euskal Herrian iaztik. Tamalez, errazagoa zen hori aurreikusten! Baina inori ez dio onik egiten, nonbait, «miseria iritsi da, eta geratzeko etorri da» esaten jarduteak.

Nire lagunik umoretsuenek zer esango luketen pentsatzen hasten naiz horrelakoetan. Badut bat, bi datuak emanda, honako ondorioa aterako lukeena: «Nola nahi ditek etxetik lan egitea, jendea etxerik gabe geratzen ari bada?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.