andoni egana
HITZ ETZANAK

Okerrago

2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Bertso afari batetik berandu gentozen bueltan etxera. Bazituen ordurako laurogeiren bat urte. Badaki autoak, ordu horietan, aitortzaleku bihurtzen. Gure ibileren traketsaz ari ginen, euripean, gau itxi itxian. Eta halako batean, hasperen egin eta bere epaia eman zuen: «Etxea, behintzat, hartu genuenean baino hobeto utziko dugu eta…». Joxe Agirrerentzat, etxean, mendian, ukuiluan, harrobian, plazetan… egindako urteetako lanaren aringarri nagusia horretantxe zetzan: hartu baino hobeto utzi etxea. Harrotasun intimoa, inongo harrokeriarik gabe azaldua.

Pedro Sánchez Espainiako presidenteak, Madrilgo Kongresuan bere asmoen berri eman duenean, denetariko erantzunak jaso ditu. Norabide ona hartu duela esan dio zenbaitek, bazuela garaia; beste batzuentzat motz geratu da eta xuhur jokatu du; erabakiak oso ezkutuan hartzea leporatu dio beste hainbatek; hartu nahi dituen neurriek ez dutela ez hanka ez buru esan dionik ere izan da…

Niri, Cuca Gamarra PPko diputatuak aurpegiratu dionak eman dit atentzioa: «Hartu zenuena baino okerragoko Espainia utziko diguzu».Joxe Agirre etorri zait gogora. Presidente batek entzun dezakeen okerrena badela iruditzen zait. Sasikumea naizela, gizagaiztoa, lapurretan jardun dudala… entzun nahiago aukera-aukeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.