Onintza Enbeita.
BIRA

Torlojuak

2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Torlojuak egin nahi nituzkeela esan nion: makina baten aurrean eseri eta zortzi orduz palanka bat mugitzea beste buruko minik ez izateak ederra behar du. Ondorio berdinera iritsita dagoela esan zidan. Bizitza normala behar dudala gehitu nion; baita normaltasunak ingeniari bat eta hiru seme-alaba esan nahi baditu ere. Nirekin ados zegoen esaten nion guztian: hilabete amaieran beti zenbakiak egiten egotea ez da erosoa, edozer egiten dugula ere dianan gaude, oreka emozionala behar dugu, agertokiko presioak eragin egiten du eguneroko bizimoduan, elkarri mokoka ari den jendeak aitzakiatzat erabiltzen gaitu elkarren kontra egiteko, zilegitasuna ukatzen digute, burua apurtzen dugu larrutzen gaituen jendeari atsegin emateko...

Elkar konbentzitzera iritsi ginen. Ahantz gaitezen kulturaz, herriaz, estrategiaz. Ken ditzagun burutik gintza atzizkia daramaten gauza guztiak eta egin ditzagun torlojuak. Oso konbentzituta genirudien, baina kaka zaharra. Orduak aurrera doaz, egunak pasatu dira eta oraindik lagunak ez dit deitu dena bertan behera utzi duela esateko. Oraindik ez dit esan torlojuak egin ditzakegun tailer bakar baten izenik. Jakina, neuk ere ez diot halako errekadurik eraman berari. Azken batean, desorekak ere izango du xarmaren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.