Onintza Enbeita.
BIRA

Isiltasuna

2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Oraintxe ikusi dut iragarkia: agure bi agertzen dira eta off-eko ahots batek ematen ditu azalpenak. Espainiako Konstituzioaren garrantziaz ari da. Bi gizon horietako bat errepublikanoa omen zen eta bestea frankista, baina duela berrogei urte egindako ahaleginari esker, elkarrekin hitz egiteko gai omen dira. Sutan jarri naiz.

Faxistek armez, kolpez eta odolez eskuratu zuten boterea, eta berrogei urtez iraun zuten bertan (sekula ez direla joan ez esatearren). Bide bazterrak hildakoz bete zituzten, umeak ostu zituzten komunisten eskuetan utziz gero ez zutelako gorrien ideiak amaitzerik lortuko, hizkuntzak ukatu zituzten eta egoera azaltzeko gai zen edonorentzat zeuden metrailetak prest. Gero, trantsizioa deitu zioten txapuza eder bat antolatu zuten, eta batzuen buruan boterea eskuratzea baino ez zegoenez, gertatutakoak ahaztea hobe zela esan ziguten.

Ezer gabe geratu zirenak, gorpuen bila nora joan ez zekitenak, isilarazi egin zituzten berrogei urtez eta orain dela berrogei urte. Eta orain esango diguzue Konstituzioak elkarbizitzarako bideak zabaldu zituela? Orain? Gure aitona-amonak isilik hil direnean? Senideen gorpuak aurkitzen ibili direnei barre egin diezuenean? Errespetuagatik baino ez bada ere, kondenatu ezazue zeuen burua isiltasunera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.