Onintza Enbeita.
BIRA

Ogiak eta iritzia

2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Bakoitzak geure ogia daukagu. Izango dira gatzik gabeko ogia jaten dutenak, zuria gustatzen zaienak, gainaldea erreta badauka gusturago jaten dutenak, hazidun ogia jaten duten gero eta gehiagok, espeltaz egindakoa, baserriko ogiak galdutako fama berreskuratu du, paketeko ogi errea jaten duenik bada, baita moldeko ogiari engantxatuta dagoenik ere. Kontua da, nola edo hala, baina gehienok egunero jaten dugula ogia. Euskalduna munduan barrena dabilenean, jatorduetan faltan igartzen dituen gauzetako bat ogia da.

Antzeko zerbait gertatzen da iritziekin. Bakoitzak badaukagu geurea: gatzik gabea, sutan errea, zuri samarra, urrutiko laborez egindakoa, betikoa, tradizioan oinarritua, titular handien azpian argumenturik ez daukana, lehorra. Eta ogirik gabe jaten dugunean ateratzen dugun harrokeria hori ateratzen dugu askotan gure iritziarekin ere. Badakigu ogia ez dela janariari laguntzeko dagoen gauza bakarra, baina uste hedatua da Euskal Herritik kanpo ez dakitela ondo jatea zer den. Eta eztabaidan ari garenean, arrazoi osoa urruti dugula jakinda ere, besteak esaten duena egia dela jakinda ere, iruditzen zaigu gugandik aparte ez dagoela errealitatea ondo deskribatzen dakien inor. Baina ogiz aldatu daiteke, eta, askoz zailagoa den arren, iritziz ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.