BIRA

Gure miseria

Onintza Enbeita -

2019ko urtarrilak 18
Mediterraneoak hilak baino ez dizkigu ekartzen telebista aurrera. Inork ez du hilen jatorriaz hitz egin nahi: nondik abiatu ziren, nora iristea zuten asmoa, zergatik abiatu ziren. Hilotzen morboa baino ez. Eta pena handia ematen digute sare sozialetan zabaltzen diren argazkietan. Pena izugarria hartzen dugu ume bat hil dela esaten digutenean, edo emakume bat noraezean zihoan ontzi batean erditu dela kontatzen digutenean, edo zenbakiak ateratzen dizkigutenean.

Baina Mediterraneoan hiltzen ez direnak gurera iristen dira. Eta gurean ez digute penarik ematen, ez digute elkartasun izpirik sortzen. Tabernetan galtzerdiak saltzen badituzte, astunak iruditzen zaizkigu; dotore jantzita badoaz, susmagarriak; hemengo bikoteren bat aurkitzen badute, interesatuak; ezer eskatzen badute, alferrak, eta lanean hasten badira, gure lanpostuen okupatzaileak.

Gobernuz kanpoko erakundeetan ematen dugu izena han urrunean laguntzeko, eta han urrunekoa muturren aurrera datorrenean, baloia albokoari pasatzen diogu. Gu ez gara Mediterraneoan hara-hona noraezean ibiliko: hegazkinez joango gara ez dakit nongo umeei laguntzera. Baina ez daitezela haztean handik honantz abiatu, ez dezatela bizirik iraun; ze orduan benetan ikusiko dute ze miserableak garen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna