Onintza Enbeita.
BIRA

Injustizia

2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Albistea entzun genuenerako pentsatu genuen nola amaituko zen guztia: zaila da halako altueratik erori den umea bizirik egotea. Are zailagoa, ia hamabost egunez bizirik irautea. Baina gure eskuetatik harago dauden arrazoiengatik, bizirik mantendu dute umea jendearen gogoetan. Haren alde errezatzeko eskatu dute, esperantzari lekua egiteko dei egin digute, umea aurkitzeko egun bat falta da, hamabi ordu, metro bat, metro erdi... eta, azkenean, hilik atera dute umea. Agonia malkotan lehertu da pantaila aurrean adi egon diren milioika begitan: zenbait kazetariek injustiziaz hitz egin dute. Eta bai, ume baten heriotza beti da gauza izugarria. Baina ez, injustizia beste modu batera gorpuzten da. Istripuak gertatu egiten dira, zoritxarrez.

Umearen gorpua berreskuratzea garrantzitsua da familiaren doluari begira, baina hura gure gogoetan bizirik mantendu dutenek badaukate aukera beste hainbat ume bizirik mantentzeko. Umeak ito egiten dira Mediterraneoan; egunero. Ume horiek bizirik ekar daitezke gure kostaldera, baina horretarako prest daudenei ez zaie portutik ateratzeko baimenik ematen, eta komunikabideek ez dute kostaldetik haiengana zenbat metro dauden esaten. Eta hori, ume horiek guztion axolagabekeriaren aurrean itotzea, bai bada benetako injustizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.