Onintza Enbeita.
BIRA

Kontzientzia

2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Amaitu eta batera etorri zait ondora. «Konturatu zara?», galdetu dit: «Esan dituzun gauzak esanda ere, nik egin dizut lehen eta azken galdera, eta hemen gehienak emakumeak ziren». Arrazoia eman diot. Berdin dio gaiak, egoerak edo lekuak. Oraindik ere halako egoerak erreproduzitzen ditugu. Inoiz gertatu zait galderak egin beharrean esan dudan guztia pikutara botatzen saiatzea. Gaur ez, gaur gizon batek hartu du hitza, baina errespetu eta egonarri handiz. Esandakoaren harira, gainera, galdera interesgarria egin du: zer da hobeto, inkontzientea edo ausarta izatea?

Barre egin dut. Inkontzienteak ez daki nora sartzen den. Ausartak badaki nora doan, eta, hala ere, joan egiten da. Inkontzientea izan ez banintz, ez dakit bertsolaria izango nintzatekeen. Ausardiarekin, ordea, sasi askoren gainetik ibili naiz. Ez dio nire erantzunak hainbeste inporta. Kontua da berak kontzientziaz egin duela galdera. Igarrita zegoen, gero azaldu dit baietz, emakumeei gehiago kostatzen zaiela jendearen aurrean hitza hartzea eta itxaron egin du. Gero, gertatzen ari dena jakinda ere, bere galdera egin du. Eskubidea zeukan horretarako, jakina. Baina ausarta izan da. Ausarta ez galdera egiterakoan. Gure ondora etorri eta bere erraztasunaz kontziente dela esatean baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.