Onintza Enbeita.
BIRA

'Kotxina'

2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Erratzari gainetik trapua jarri eta hormak garbitu behar nituzkeela esan dit. Gutxigatik ez naiz atzeraka erori. Lantzean baten azulejuak garbitzea gutxi balitz bezala, margotutako paretetan ere erratza pasatu behar da; baina ez zikintzeko, gainetik trapu bat jarrita.

«Gaur ere ez daukazu nondik heldu», esaten zidaten umetan. Ez zitzaidan asko gustatzen hori entzutea, baina altzoan hartu nahi nindutenek zail izaten zuten garbi neukan gorputz atalen batetik eusten. Ez dakit nola konpontzen nintzen, baina beti nengoen besteak baino zikinago. Jartzen zizkidaten arropa dotoreak, zapata paristarrak, baina ez nuen bakerik izaten dena belztu arte. Ez zitzaidan asko inporta esaten zutenak: ondo pasatzea zen asmoa. Plastikako klasean, bazkari familiarretan, parrandetan... beti amaitu dut besteak baino zikinago.

Eta ia berrogei urte daramatzat kotxinismoa disimulatzen. Umetan goitik beheraino zikin-zikin ibiltzen zen neska hura garbia dela erakusten diot munduari. Hala ere, ez naiz hasiko erratzari trapua jarri eta ez dakit zertan. Nahiago dut neure esentziara itzuli burua galdu baino lehen. Lehen ondo pasatzea nuen helburu eta orain ere bai. Ez ditut tabernan, larrutan edo irakurtzen pasa ditzakedan orduak erratzari trapua jarri eta sabaiak garbitzen pasatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.