Onintza Enbeita.
BIRA

Astelehena

2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Gaur astelehena da, azoka eguna Gernikan. Atzokoak atzo, gaur jendeak zerbak, arrautzak, ziazerbak, porruak eta tipulak nahi ditu. Nahi, tomateak ere bai, baina bertokorik ez dago oraindik. Ikusi dituzte han, usaindu dituzte hemen, ukitu dituzte nonbait, baina guk ez daukagu tomaterik. Ez da buruko min makala kanpotik ekarritakoak jan dituztela esplikatzea. Bakoitzaren erosketa ereduetatik, esanetatik, baloreetatik asmatu egingo nuke atzo nork nori eman zion botoa. Dena den, ez zait bereziki interesatzen. Tratu ekonomikoa egin eta bakoitza bere etxera joaten gara: haiek haienera eta ni geurera.

Gaur astelehena da. Irautea beste paturik ez duen jendea elkartu gara azokan. Hemen gaude arraro kuadrilla! Hamar behirekin bizimodua ateratzea posible dela erakusten duena; bederatzi lagun, 30 behi eta hainbat ardi elkartzen dituen kooperatiba; ogia saltzera beti berandu iristen den familia bat; zerbak jateko errezetak gomendatzen dituen neska bat; 40 urterekin baserrian gelditzeko tentazioak jo duen emakumea; 80rekin azokara etortzen jarraitzen duten zenbait andra; erleei buruz hitz egiten lau orduz egon daitekeen erlezaina.

Gaur astelehena da. Jarraitzen dugu hemen gaudenon bizi baldintzak hobetuko dituen politika ausart eta benetakorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.