Onintza Enbeita.
BIRA

Pezeteroak

2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Politikariak ibili ziren atzo ere Gernikako azokan. Batzuek goxokiak eta boligrafoak banatu zituzten, eta besteek eskuorriak bakarrik. Emakume batek goxokiak eta boligrafoak eskatu zizkien bigarren taldekoei eta hauek ezetz esan zioten; ez zutela halakorik ematen. «Zuek bai pezeteroak», aurpegiratu zien emakumeak.

Madrileko Kongresuan geundenean, Kongresuko tabernan Gin Tonica oso merkea dela zabaldu zuten komunikabideek. Artean, geuk ere ez genekien zenbatean saltzen zituzten halakoak. Jendeak txiste asko egiten zizkigun horrekin, eta inoiz eraso ere bai. Hasieran, guztiei esplikatzen nien guk ez genuela sekula, han barruan, halakorik edan. «Mamala», deitu zidan behin batek: «zu zara mamala galanta! Hain merke egon eta ez edatea inuzentearena egitea da». Ordutik aurrera, gezurra esaten hasi nintzen galdetzen zidatenei: baietz, oso gozoak eta merkeak zirela Gin Tonicak Kongresuan. Orduan, aurpegira bota zidaten herritarren dirua alkoholetan xahutzen ari nintzela.

Antzeko zerbait gertatu zen azokan. Herritarrok kritikatu egiten ditugu politikariak behar ez den gauzetan gastatzearren. Gero, ordea, benetako proposamenak egitera datorrenaren eta goxokiak partitzen dituenaren artean erabaki behar dugunean, goxokiak hartzen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.