Onintza Enbeita.
BIRA

Arnasa

2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Beijingo zerua urteetan ez bezala urdindu zen otsailean. Veneziako ura gardentzen hasi da hustutako hiriaren zenbait bazterretan. Madrildik elurtutako mendiak ikusten dira, eta bertako aireko kutsadura izugarri jaitsi da. Limako kaleetan pumak ikusi dituzte, eta Bartzelonan basurdeak. Oaklanden ostera, indioilar basatiak sartu dira eskola batean. Londoneko zerua abenduan baino askoz garbiago dago apirilean, eta azeriek kaleak hartu dituzte aspaldiko partez. Hong Kongeko zoologikoan zeuden panda hartzek larrua jo dute hamar urtean lehen aldiz (gizakiak zoora joateari utzi eta egun gutxira).

Munduaren zati handi batek bizitza eredua aldatu dugunean, mundu guztiarentzat hobetu da airearen kalitatea eta zarata ere murriztu egin da. Kutsaduraren arrazoi printzipaletako bat behien gorotza zela esaten zutenek ez dakit zer esango duten orain. Izan ere, behiek kaka egiten jarraitzen dute gu konfinamenduan gauden bitartean, baina arnasbideak askoz ere libreago ditugu.

Pentsatzen nago bizitza eredu miserable samarra eraiki dugula, edo eraiki digula kapitalismo kontsumistak. Hain justu orain, airea inoiz baino garbiago dugunean, arnasa hartzeko inoizko aukerarik onena dugunean, lau hankako gure lagunen eta gure arteko mugak inoizkorik lausoenak direnean, ezin gara etxetik atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.