Onintza Enbeita.
BIRA

Norbere lekua

2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun

Aurtengo udan ere gertatu egin da: gorputz normatiboek iraultzarako deia egin digute. Begira, orbain bat daukat tripan, eta, hamar urteren ostean, hondartzarako bikinia janztea erabaki dut. Lunar bat daukat hemen, titi baten alboan, baina aurten topless egingo dut. Ez dago emakume itsusirik, erakuts ditzagun gure gorputzak. Ikusten ditut argazkiak, entzuten ditut ahotsak, eta haserre handi bat korapilatzen zait urdailean. Gogoa ematen dit megafonia bat hartu, triziklo batean eseri eta munduari bueltaka hasteko: utz nazazue bakean!

Bai, badakit inoiz ez garela heteropatriarkatuak eskatzen duen bezain argalak, politak, beltzaranak edo otzanak izango. Badakit guztiok egiten gaituztela edertasun ereduen meneko, baina, benetan, ez dakizue jendearen aurrean biluzteko benetako beldurra zer den. Ez dakizue zer den hogeita hamar dendatara sartu, eta zure neurriko bainujantzirik ez aurkitzea. Ez dakizue zer den hondartzara joate hutsagatik jendeak konplexurik ez duzula esatea (izan beharko bazenitu bezala). Ez dakizue zer den zure lagun normatiboen ondoan etzan eta, desberdina zarelako, jendeak begiratu egiten zaituela sentitzea.

Ez, nik ez diot inori bere bizipenik ukatuko, baina borroka bakoitzean norbere lekua zein den jakitea gauza ederra da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.