Onintza Enbeita.
BIRA

Ura

2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Uda lehor samarra izan dugu planetaren izkina honetan. Astelehena joan, astelehena etorri, Gernikako azokan asko komentatu den gaia izan da lehortearena. Landareak idorreriak jo ditu, tomateentzat urte eskasa izan da, intsektu gehiegi izan ditugu gure landareetan... lurrak bere neurrian eman du berea, baina guk gehiago ere pozik hartuko genukeen. Abuztu amaierako euria ederra izan da hemen. Inatazia eta harria jausi diren lekuetan suertatu direnek ez dute gauza bera izango, baina gure izkina honetan, zarra-zarra egin du euria. Gauza ederra da leihoan jarri eta euria gozo-gozo nola ari duen ikustea.

Bitartean, baratzean urik egin behar ote den edo ez eztabaidan ibili dira baserritarrak. Batzuek ez dute ezer ureztatu garesti ateratzen delako. Euri ura harrapatzeko sistemak asmatu dituztenak ere badira. Askori ez zaie justua iruditzen edateko ura horretan xahutzea. Izan ere, ura edateko ere bada, eta lurrak falta duenean, gizakiok ere falta izaten dugu. Denon ardura da ura alferrik ez erabiltzea, baina dagoen artean ez dugu pentsatzen inoiz faltako dugunik. Ikusi nola ari diren edateko ura pribatizatzen, ikusi nola ari den mundua lehortzen. Hiru hilabeteko arnasa eman genion udaberrian planetari, baina egun bi behar izan ditugu betikora itzuli eta begiak ixteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.